XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ttikiak izan eta ere, sonatuxeak izandu gara; izan ere, euskal herriak eta euskal izakerak definizio ausarki izan dute; eta, ilaje askotakoak bagara ere, badirudi itxura berekoak ikusi eta ikusten gaituztela, planta bakarrekoa.

Alabainan, definitzaile guzien kontra, salbuespenen herria gara gu.

Eta azken hondarraraino ere: ez bide da izan euskaldun nabarmenik bere antipoda izandu ez duenik: Loiolako Inazio, katolizismu agonizantea berpiztu eta birrasmatu zuena euskalduna bazen, euskal odolekoa zen ere Alejandro VI.a, inoiz izan den paparik jentilena, bere buruaz kristaua ez zela aitortzera ailegatu zen papa bakarra, egiazko katolizismu hura bere gailurrera eraman zuen aita saindua.

Eta euskaldunak baziren ere Fernando Katoliku eta bere giputxei kontra egin zieten erronkariarrak, haiek bezainbat zen Pedro Gardekoa, 1512an, Nafarroa konkistatzen zen urtean berean, Italian eta Afrikan, Fernando Katolikuaren alde borrokatzen zuen condottiero famatua.

Egiazki, munduan ez dugu parerik.

Salbuespena izatea normala izan beharko zen herri honetan, deusen eskasean ere ez egoteagatik, inon baino puskaz ere salbuespen akatzaile sutsu gehiago badugu.

Miranderen salbuespenari bagagozkio behinik behin aski nabarmena izanen zaigu.

Erbestea epigrafepean aritzen gara gaur eta epigrafe hori inor gutiri dagokio Miranderi bezain ongi, inor guti izandu baita hemen hura bezain arrotz eta kanpotar.

Haren arroztasuna ez datza bere ideologian; azkeneko hau, preseski, eskaparateko Mirande arruntatuaren etiketan irakurtzen ahal dena baita.

Lotpide ederra izan da ideologia bakarren batek espantutan bere mandarrarekin tarrat egiteko eta behar den gisan Mirande normaltzeko eta kondenatzeko.

Zertan arrotz, orduan?

Ba omen zen, zernahiren gainetik, gauza bat Miranderen arrebak inola ere konprenitzen ezta onartzen ahal ez zuena: zertako idazten zuen.

Hori ez omen zitzaion inondik ere kaskoan sartzen; ez ote da funtzionarioa? ez ote du ofizio plantakorik?

Orduan, arren, zertako egiten du hori?

Hondarrean pentsatu bide zuen idaztearena bizio itsusi inpresentableren bat zela.

Etiketa moldariak arrebarekin daude ados, arrontik; salbu eta polikiago baitakite gauzak esplikatzen, horretarako dira letratuak gero.

Gauza ezaguna da hemen ezen berez bere eta motibu zehatzik gabe ez dela idazten, hori ez da posible, sekula ikusi ez dena da hori; horregatik bada, kausitu egin da bizio horren nondik-norakoa, erran nahi baita: idaztea ez dela berezko bizioa, sintoma eta ondorioa baizik.

Eta halaxe da kontua: nola hemendik urrun sortu eta ibiltzen baitzen, jendaje eta izkirio bitxi, gaizto, zikin batzuekin topo egin zen; eta hortxe kutsatu zen itsuski.

Nola konpreni Mirandek ibilitako terrenua, ez baita konprenitu behar den zerik?

Baina hemen gauza guziak egin behar dira konprenitu.

Hortxe aritzen da hemen, bulka eta tira, dena eta ez dena konprenitu eta esplikatu nahiean.

Eta hori da, juxtuki ere, orduko eta oraingo euskal letratuak Mirandegandik urruntzen dituena.

Hark, ordea, nahiago zuen gauzen senditzea: Adimena baino gorago ezartzen dut ametsa zioen, arimaren errainu eta deia baita.

Harentzat adimenak moteltzen zituen bizi sentimenduak.

Hemengo akademikeria agorrak, aldiz, badu ausartzia eta jakinezik aski eta abasto poeta mistiko baten sortze eta moldaketa esplikatzeko.

Bego hor.

Bada bideaz landan eta amildegi bazterrean inorena ez den tarterik franko; normala da hor kuraje eskas izatea.

Baina badira, horregatik ere, aurrera jotzen duten lagunik; ez dute, hala ere, ilusio berezirik halako pausoetan.

Justuki zentzumenaren alditxartze horretan sortzen ahal da tentsio poetikoaren zentzumena; esperorik ezean, hartzerik ez dagoenean hartu nahiean, hortxe.

Arestik zerbait handi, zerbait goien ikusten du poesian: harentzat poetak mandatu bat ba omen du, jendeari esan behar.

Niretzat, berriz, poesia joku bat da, hitz joku bat: ez da serioskiegi hartu behar.

Ez serioskiegi eta ez serioski ere.

Nondik heldu da poesia gauza seriosa delako sinesmena?